16/06/2023
Ailegatu da eguna, alkatetza uzteko eguna.
Herriak jarri ninduen bertan, herriarekin eta herriarentzako lan egin dut, eta herriarekin eta herriarentzat jarraituko dut lanean.
Euskalgintzan, hezkuntzan, kirolean, kulturan, herri mugimenduetan, alderdian eta udaletxean, talde gazte eta gogotsu baten parte izaten, jarraituko dut Herria egiten.
Urte politak bezain gogorrak izan dira alkatetzarenak. Gauza anitz ikasi ditut, nire nortasuna sendotu dut, nire indarguneak eta ahulguneak hobeki ezagutu ditut, lagunak egin ditut, harreman berriak sortu ditut eta enpatia izatearen garrantziaz jabetu naiz.
Gazteagoa izan naiz, ametsak eta nahiak pil-pilean izan ditut, mundua eraldatu nahi nuen, eta nahi dut, justuago, baketsuago, feministago, euskaldunago eta orokorrean, hobeago izateko. Errazago izango zela uste nuen, ez dut gezurrik esango.
Botere ekonomiko eta politiko batzuk, ordea, erabat zailtzen dute beharrezko eraldaketa hori. Barru-barrutik ezagutu dut urte hauetan. Prozesua mantsotzen ari dira baina ez dute geldituko, herriak bere patua erabaki duelako, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik hegan egin nahi dugulako, sorginak bezala, ametsak eta nahiak bete arte.
Horretarako, Lizarra mailan, Udala eta herri eragileak eskutik joan beharko gara, batzuk eta bestea, beharrezkoak direlako.
Ulertzen dut askoren ezinegona, eraldaketa azkarrago ematea espero zuten lagun guzti horiena. Beraien nahia nerea ere bada.
Barrutik sufritu ondoren mezu bat luzatu nahiko nieke guzti horiei: aurrera pauso asko, eta garrantzitsuak, eman dira urte hauetan. Eta ematen jarraituko ditugu, izan alkatetzatik, izan oposiziotik. Lasaitasunez, kanpo eraginik gabe, hausnarketa zintzo bat egin beharko genuke denek eta hodei ilunen artetik eguzki izpiak ikusten saiatu behar gara. Hor direlako, geroz eta gehiago, gainera.
80 urtetan zehar elikatutako sistema ustel bat ezin da lau urtetan aldatu, ezta zortzirekin, ezta hamabirekin ere. Segi bultzatzen, horma erori arte.
Horma hori, ordea, oso gogorra da eta horregatik geroz eta jende gehiago batu behar da elkarrekin bultza egiteko.
Lizarra anitza da. Oso anitza. Aniztasun horrek ematen dio hiri honi berezitasuna, hori da daukan altxorrik handienetakoa. Eta zaindu behar da. Eta zaintzen saiatu naiz-gara udaletxeko alkatetzatik.
Badakit ezinezkoa dela jende guztia kontent uztea. Ez naiz saiatu.
Bai saiatu naizela pertsona eta ideia gehienganako errespetua erakusten (ultra eskuinekoak izan ezik), nahiz eta nirekin bat ez etorri. Nahiz eta niretzat ahalegin berezi bat suposatu. Horrekin pozik nago, ERRESPETU OSOZ jokatu dut eta niregana heldu diren pertsona eta eskakizun guztiak atendituak izan dira, nahiz eta deuseztatzeko izan. Guztiekin aurpegia eman dut-dugu.
Lortu ez ditugun gauzak ere asko badira. Niretzako gordetzen ditut, beste esparru batzuetan konpartitzeko eta horiei nola aurre egin pentsatzeko.
Orain alde batera egiteko unea da, herriarekin beste modu batean lanean jarraitzeko unea.
Mila esker udal langileriari, Bildu eta EHBildu udal taldekideei, herri eragile guztiei (bai, guztiei) bakoitzak bere ideien araberako lanari esker herria osatzen dutelako, herritar eta aniztasun guzti honen islada instituzionala diren zinegotzi guztiei (bai, guztiei) hartzen den konpromisoa handia delako eta jendeak ez du askotan baloratzen.
Eta mila esker HERRIARI, beti bihotzean eramango dudan esperientzia hau bizitzen utzteagatik.
Gora Lizarra.
Viva Estella.